Shiatsua zer den

Shiatsua japoniar jatorriko masaje mota bat da, eta mendebaldar kulturan lur emankorra aurkitu du bilakatu eta garatzeko. Oreka pertsonala leheneratu nahi du, gure izatea eusten, bizkortzen eta osatzen duten energia mota desberdinen armonizazioaren bitartez.

Walt Whitman poetak esan bezala: “Zabala naiz eta jendetza daukat ene baitan”. Hain zuzen, ekialdetar filosofiaren ikuskeran, pertsona baten izatea zati anitzez osatua da (fisikoa, emozionala, mentala, arimazkoa…) hain harreman estuz lotuak non gure pertzepzioak nahastu egiten baititu. Eta nola ez nahastu benetan batasun banaezin eta osoki elkarren mendeko bat osatzen badute (hala, demagun, pertsona bati belauna ukituta, esan genezake egiazki haren arima ukitzen ari garela). Dena osatua baita energia aldi edo egoera desberdinez, bibrazio maila desberdinez.

Maila praktiko batean, modu enpirikoan eta milaka urtetan, ekialdeko medikuntza tradizionaleko azterlariek egiaztatu dute, gizakiaren gorputz fisikoan badirela eta badabiltzala energia mota desberdinak. Eta gorputz hori, energiak dabiltzan kanal eta bide, meridiano eta aldeen bidez kartografiatu dute, organoekin erlazionatuz, sintomekin, gaixotasunekin…

Egiazki, gure desorekak, orohar, geure baitako alde zehatz batean agertzen dira. Dela gorputzeko min baten moduan, edo zotilago, aldarte baten edo espero gabeko emozio baten moduan.

Shiatsuak, egonezin honetan gure izatearen desoreka energetikoaren seinalea igartzen du, eta saiatzen da, manipulazioaren bidez, ukimenaren berotasun eta hurbiltasunaren bidez, galdutako oreka leheneratzen. Hainbat teknika erabilita, energia mugiarazten du gehiegi duten aldeetatik gutxiegi dutenetara, hori baita berez desorekaren jatorria.

Energiaren halako mobilizazioa lorturik, pertsona sendatu egiten da. Gauza ez da, beraz, sintomak besterik ez diren mina edo disfuntzioa pilula batekin kentzea (horrek ez luke arazoaren jatorria konponduko) baizik eta gizaki horren armonizazioan laguntzea, bizitzak eta bere jokatzeko eta erantzuteko moduek desgogara sentitzera eraman baitute. Shiatsuaren praktikan garrantzia handia du desorekan den pertsonaren izateak aldaketa onartu eta bere egitea, oreka energetiko berri eta zotil hura, benetan senda dadin.

Hartara, Shiatsuaren terapeuta ez da mago sendagilea, ezpada oreka berri bat eskaintzen duen pertsona; eta oreka betea izango da baldin eta pazienteak onartzen badu. Beraz, Shiatsua jasotzen duenak berak senda dezake bere burua. Shiatsuak lagundu besterik ez du egiten autosendatze bidean. Halaxe da, kuriosoa, interesantea. Eta halaxe da, polita, gehituko genuke.

Hainbeste azalpen laburtzeko, eta beste ikuspuntu batetik, Shiatsu masajean egiten duguna da geldi dagoena bizkortu, falta dena bete, bizkortuegia baretu… Orekatu. Eta hori lortzen dugu gorputzeko energiaren meridianoak landuz, presioen eta manipulazioen bidez, bizi-energia behar bezala bideratzeko.

Nahiz eta, berez, edozein disfuntziotarako baliagarria den, dena baita energia, Shiatsua bereziki gomendagarria da estres egoeretan, giharretako eta buruko minetan, nekeetan, digestio, zirkulazio, arnasketa arazoetan… beti ere kontuan izanda bere bertute nagusia prebentzio lanean datzala, osasun onari eustean (bihotz-bihotzez opa dizuguna).

[cas] Comparte si te ha gustado.. [eus] Partekatu atsegin izan baduzu..Share on FacebookTweet about this on TwitterEmail this to someoneShare on Google+

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>